| cas 
 

KIRATSA HERRIAN

Hurrengo asteetan udal gobernuak zabor bilketa sistema berriaren inposaketa prozesua martxan jarriko du. Orain dela ez hilabete asko erreferendumak exijitzen zituztenek aurrera doaz beren asmoetan itsu-itsu.

(Noaua!!-n publikatua 2008-09-03an)

Atariz atari bilduko dizkigute zaborrak. Garai batean “txerrijana” deitzen geniona baldetxo batean jasoko dugu. Baldeak bakoitzaren izena izango du. Janari gordina eta janari prestatua (berdura, haragia, arraia) baldera bota beharko dugu, poltsarik gabe, eta usairik etxe barruan izan ez dezagun baldearen tapa irekia mantentzeko aholkatuko digute. Baldea, astean bizpahiru aldiz, bakoitzaren portalean utzi beharko dugu esaten diguten orduetan. Gauzak txukun egiten ditugula ziurtatzeko zaborra bilduko duten langileek gure zaborra kontrolatuko dute. Baldea norberak bere etxean garbitu beharko du.

Egun batetik bestera kalean ditugun zabor-ontziak kenduko dizkigute. Papera, beste ontziak, ume eta helduentzat pardelak, konpresak eta antzekoak biltzera portalera etorriko zaizkigu eta gauzak txukun egiten ditugula ziurtatzeko langileek gure zaborra begiratu eta kontrolatuko dute. Aginduak betetzen ez dutenek: multa. Eta gainera zaborrak biltzeko zergak igoko dizkigute aldaketa guzti hau ordaintzeko.

Azken hilabeteak udala ezer egiten ari zela zirudien. Ez. Lanean ibili da, proiektu bitxi honetan aritu da. Nor da udala gure zaborrean kuxkuxean ibiltzeko? Nor da udala zer jaten dudan, edo pardela erabiltzen dudan, edo zein botikak hartzen ditudan, edo hilekoa dudan, edo erreziboen berri, jakiteko aukera izateko? Kontrolpean bizitzen ginen urteak gaindituak genituela uste genuen.

Guzti honen atzetik beste asmo bat dagoela uste dugu. 353 etxe huts zeudela esaten ziguten hauteskundeetan. 15 hilabete pasa ondoren ez dute ezer egin horren inguruan. Orain dute aukera ederra jakiteko zein etxe dauden hutsak. Zaborra sortzen ez duen etxea, hutsa dagoen etxea da!

Eta nora eramango dute “txerrijan” guzti hori? Ba, dakigunez, Arratzain-berri baserriaren inguruan dagoen lur-sail batean konpostaje makroplanta bat eraikiko digute, milaka metro karratutakoa, inguruko herrietako (Oiartzun, Hernani, Lezo, Urnieta, Donostia?…) zabor guztia tratatuko duena, dozenaka tonelada egunero jasoko duena, kamioiak gora, kamioiak bera, bide estu batetik. Gasoleoa barra-barra erretzen. Oso ekolojikoa.

Makro-konpostagunea 2010-11 urte aldera jarriko da martxan gure kalkuloen arabera, eta bitartean? Nora joango da urte amaieratik aurrera jasoko diguten “txerrijana”?Gipuzkoan existitzen ez den enpresa pribatu batera? Gasoleoa barra-barra erreaz?

Gu berziklaketa eta konpostaketa ahalik eta gehien gehitzekoaren aldekoak gara, baina herritarrak konbentzituz, herritarren askatasuna eta intimitatea errespetatuz, prozesu gradual batean, jada Diputazioaren bultzadaz Gipuzkoako hainbat lekuetan egiten ari den eran.

Politikariok ez gaude herritarren bizitza gehiago korapilatzeko, baizik dituzten arazoei irtenbideak bilatzeko. “Atropello” honen aurrean ez geratu egonean.

Bookmark and Share

PDF formatoa irakurri ahal izateko beharrezkoa da Adobe Reader programa instalatuta izatea. Programa Interneten lortu daiteke dohainik.

 
Oharra: Albiste honek ez du iruzkinik.