| cas 
 

ETAren azken atentatuak direla-eta

ETAk azken egunetan buruturiko atentatuak direla-eta, irailaren 22an, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez ondorengo adierazpena onartu zuten (PSE-PSOE-EE; EAJ-PNV; EA; PP; EB-berdeak eta Aralar). Adierazpen honetan oinarrituz, irailaren 30ko plenoan, mozio bat eztabaidatu eta onartuko du udalak.

ETAk gaur goizaldean Armadako brigada Luis Conde de la Cruz jaunari bizia kendu dion atentatu terrorista kriminala burutu du, eta Ondarroan, Ertzaintzaren komisariaren aurrean, eta Gasteizen ere egin zituen atentatuak ETAk. Horiek direla-eta, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bozeramaileen Batzordeak bilera egin du eta honako hauek adierazi nahi ditu:

Lehena.- Gogor gaitzetsi eta arbuiatzen duela erakunde terroristak egin duen azkeneko hilketa hau, eta elkartasuna helarazi nahi diela Luis Conde eraildakoaren senitarteko, adiskide eta lagunei; Luis Conde de la Cruz Armadako brigada zen, eta Santoñako Patronato Virgen del Puerton ostatu hartuta zegoen. Era berean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek ETAk atzo Ondarroan eta Gasteizen egindako atentatuak ere gaitzesten dituzte.

ETAk burututako hilketa hau eta beste atentatuak basakeriaren eta gizatasunik ezaren beste erakusketa bat dira. Gipuzkoako Batzar Nagusiek nahi dute, gainera, azkar sendatu daitezela Santoñako eta Ondarroako atentatuetan zauriak jasan zituztenak, haietako hiruk zauri larriak, eta beren senitartekoei, adiskideei eta lagunei elkartasuna helarazi nahi diete. Halaber, Ondarroako, Gasteizko eta Santoña herri kantabriarreko biktimei gure hurbiltasuna, babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu, bai eta Ertzaintzako eta Armadako biktimei ere.

Bigarrena.- Gipuzkoako Batzar Nagusiek azaldu nahi dute, halaber, guztiz sinetsita daudela terroristen indarkeriak, jarduera kriminala izaki, oinazea eta arbuioa baino ez duela eragiten herritar gehien-gehienengan. Horregatik, ETAri eskatu nahi diote behin betiko desagertu dadila inolako baldintzarik gabe, eta helarazi nahi diote euskal gizarteak bakearen eta elkarbizitza baketsuaren aldeko apustua egina duela, eta indarkeriazko ekintza anker horiek guztiz arbuiatzen dituela.

Hirugarrena.- Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaitzetsi egiten dituzte atentatu hauek, horien egileen koldarkeriaren eta ankerkeriaren beste erakusgarri bat gehiago baitira. Egile horiek berriz ere ekintza kriminal bat burutu dute, eta horrek beren eta ekintza horiek babesten dituztenen zitalkeria morala agerian uzten du.

Batzar Nagusiek nabarmendu nahi dute terroristen zentzugabekeria gehigarria eta erokeria bortitza; izan ere, bonba-autoetako bat aldez aurretik jakinarazi gabe leherrarazi zuten eta bestea oso denbora gutxirekin jakinarazita, eta horrek erakusten du Ondarroan eta Santoñan ahalik eta biktimarik gehien eta ahalik eta oinazerik eta tragediarik handiena eragiteko zeukaten grina.

Gainera, atentatu terrorista horiek berriz ere behartzen gaituzte gure erabateko arbuioa adieraztera isiltasun lotsagarriari eusteko edonolako kontsiderazioen atzean babesten direnei.

Laugarrena.- Azkenik, adierazten dugu Gipuzkoako Batzar Nagusiek lanean jarraitu nahi dutela demokrata guztiek elkar hartuta jardutea indartzeko, herri honi proiektu totalitarioa inposatu nahi diotenei aurka eginez atsedenik gabe, eta, horrela, gure herrian bakea, askatasuna eta elkarbizitza baketsua lortzeko lagunduz.

Bosgarrena.- Batzar Nagusiek halaber Gipuzkoako herritarrak animatzen dituzte atentatu terrorista horiek gaitzetsi eta arbuiatzeko eta horietako biktimei elkartasuna adierazteko erakundeek deitutako ekitalde guztietan parte hartzera.

Bookmark and Share

PDF formatoa irakurri ahal izateko beharrezkoa da Adobe Reader programa instalatuta izatea. Programa Interneten lortu daiteke dohainik.

 
Oharra: Albiste honek ez du iruzkinik.