| cas 
 

Nazkaturik gaude, nekaturik gaude

Nazkaturik gaude, nekaturik gaude. Eta gurekin batera herritarren gehiengo zabal bat. Amaitu beharra dugu. Akzio berdinari, erreakzio berdina; eta honek berriro hasierara, akzio berdinara bueltatzen gaitu, zurrunbilo batean ezin atera gaudelarik.

Kausak eta ondorioak nahasten dituguneraino iritsi gara; ondorioa kausa bihurtzen da eta berriro bueltaka jarraitzeko aitzakia aurkitzen dugu. Harria botatzen nor izan zen lehena jada ez du ajola; harrika gabiltza, eta norbaitek “bale” esateko ausardia behar du.

Azken egunotan gordintzen joan da urtetan daramagun akzio-erreakzio dinamika hau. Alde batetik, Estatuek, beren botere ezberdinak elkarlanean jarriaz, Zuzenbidean oinarritutako gizartea zentzugabetzen ari dira gero eta gehiago. Alderdien legeak eta bere aplikazioak gizartearen zati garrantzitsu bat dinamika politiko demokratikotik at uzten du, ahotsik gabe uzten du. Bestetik, abertzaletasunaren mozorropean berea den ideario sozialista-totalitarioa ezarri nahi duen ETA erakunde militarrak oinarrizkoena den giza-eskubidea, bizitza, zapaltzen jarraitzen du.

Nekaturik gaude argumentazio eta kontraargumentazio berdinak entzuteaz eta erabiltzeaz. Nekaturik gaude ezker-abertzalearen lelo berdinetaz, pankarta berdinetaz, diskurtso berdinetaz, beraiek bezela pentsatzen ez duten aurrean hartzen duten presio dinamikaz… Zinismo ariketa hutsa da; ETAk eginiko edozein ekintza armatu “gatazkaren ondorioa” baldin bada, gerra batean daudela sinisten badute, beraien aurka zerbait egitean, zergatik kejatzen dira? Ez al da hori ere “gatazkaren ondorioa”?

Zer dela-eta alderdi batzuk ilegalizatu dituztela-eta hainbesteko orru “ezker-abertzaleko” mundutik. Usurbilgo alkate jauna, zinismo gutxiago, Usurbilen ANV hauteskunde batzuetara aurkezteko aukera izan zuelako daukagu sistema politikoa ez da demokratikoagoa eta alboko herrian ezin izan zutelako ez-demokratikoa.

Hipokresia gutxiago. Zeu ere sistema demokratiko edo ez-demokeratiko honen – bakoitzak aukera dezala gustokoena – ondorioa zara. Zeuk ere ardura duzu, eta udala bi aldeetako baten esku jarriaz ez dituzu zure kontraesanak zurituko; betiko mozioak babestuz, betiko manifetan parte hartuz, betiko protesta ez-eraginkorrak eginez ez duzu zure burua beste herrietako kideen aurrean zurituko.

Dagoeneko, honaino irakurri duen batek baino gehiagok galdetu du: eta zein errezeta du ba Usurbilgo EA-k?

ETA desagertu behar du. Indarkeriak, ezker abertzalearen aurka eta orohar euskal abertzaletasunaren eta instituzioen aurka gauzatzen ari diren eximen político-judizialak babesten du. Aitzaki perfektua da egiten dutena justifikatzeko; are gehiago, nazka-nazka eginda dagoen gizarte desmobilizatu batean.

ETA da gaur egun, abertzaletasunaren, Euskalerriaren etsairik nagusiena. Ez bakarrik ikuspegi etiko edo gizalegezko batetik ulertuta, baizik, baita ere ikuspegi político batetik ulertuta.

ETArik gabe, indarkeriarik gabe, Estatuek, aitzakiarik gabe geratuko lirateke Euskal abertzaletasunaren eta instituzioen aurka aritzeko.

ETA desagertuaz akzio-erreakzio dinamika apurtzen da. Garbi geratuko litzateke nortzuk jarraitzen duten harrika: Estatuek.

“Ezker abertzaletasunaren” oinarri soziologikoak ETA desagertarazi behar du; indarkeria bere ideario politikotik ezabatuz; bortsazko ekintzen aurka planto eginez; ETAri EZ  esanez.

Salto hori eman behar da, plante hori gertatu behar da benetan akzio-erreakzio-akzio-erreakzio zurrunbilo dinamika honekin apurtu nahi bada.

Gizarteak horrela nahi du. Usurbildarren gehiengo zabalak horrela nahi du.

Alkate jauna. Zurrunbilo-saltsa horretan gustora sentitzen bazara, denerako kalte, baina ez espero gu eltze horretan aurkitzea.

Bookmark and Share

PDF formatoa irakurri ahal izateko beharrezkoa da Adobe Reader programa instalatuta izatea. Programa Interneten lortu daiteke dohainik.

 
Oharra: Albiste honek ez du iruzkinik.