| cas 
 

Bus-taxia. Lehentasun soziala?

Bus-taxi zerbitzuaUrriaren 6tik aurrera martxan da bus-taxi zerbitzua. Landa-eremua eta kaxkoa hurbiltzeko garraio zerbitzua izan nahi omen du. Mugikortasun arazo larrienak dituzten landa-eremuko herritarrei zuzendutako garraio zerbitzua izan nahi dela diote; baina, landa-eremuaren esparrura begiratuaz, bertan bizi direnen lehentasun soziala ote?

Egitasmo honen jatorria 2006an kokatzen da. Landa-eremuko behar sozialen azterketa batean du sorburu (begira txosten osoa idatzi honen amaieran).

Batere garbi ez dagoena da, bus-taxi zerbitzua, txosten horretan aipatzen diren beharren artean lehentasuna ote duen ala ez. Lehendik udalak Foru Aldundiko antzeko zerbitzu bat tramitatzen zuen, “bono-taxi” deiturikoa. Gure ustetan “bono-taxi” zerbitzua indartuz bete nahi diren helburuak lortuko lirateke askoz ere merkeago. Zerbitzu hori gehiago diruz lagunduz bakarrik lor zitekeen. Ez dezagun ahaztu egin diren azterketen arabera 30 herritarrek bakarrik dituztela era honetako garraio zerbitzuaren beharra.

Prozedura administratiboaren aldetik gauza “arraroak” egin dira. Esan digute bus-taxi zerbitzua urtebeteko froga pilotoa dela, baina Behemendi Landa Garapen Elkartearekin sinaturiko hitzarmena lau urtera luzatzen da, guztira 48.000 euro udalak jarriko dituelarik. Diru horrekin Behemendik gidaria kontratatzen du baina lehendabiziko 5 hilabetetan udalak kontratatu du INEMen bitartez.

Udalak furgoneta erosi du baina oraindik ez da iritsi, eta kontsezionarioak “utzitako” furgoneta batekin dabiltza; pertsona ezinduentzat guztiz prestatua ez dagoena (aiton-amonen bat ezin igo gelditu da etxe atarian). Gainera, etortzekoa den furgoneta hori gaur egun gutxitu fisiko eta psikikoak garraiatzeko erabiltzen den furgoneta zaharra ordezkatzeko da. Jarri dituzten ordutegien arabera bateraezinak dira bi zerbitzuak. Honek zer esan nahi du?, udalak bus-taxi zerbitzua furgoneta zaharrarekin beteko duela? Aldapa gora eta aldapa behera ia 20 urte dituen ibilgailu batean? Edo, gutxitu fisiko eta psikikoek furgoneta zaharrean jarraitu beharko dute? Zerbitzua desagertuko da? Argitzen ez dizkiguten galdera asko. Furgoneta berriak beste 50.000 euro inguru kostako zaio udalari gehi mantenimendua, gasoila, asegurua…

Ibilbidea (idatziaren amaieran) eta ordutegia ulergaitza da. Salbuespenak salbuespen garraio publiko disuasorio gisa ez du eraginkortasunik. Adibide gisa: Iartzatik Kalera edo Kaxkora joan nahi duenak 33 minutu pasa beharko ditu bide estu eta batzuetan arriskutsuetatik joanez; oinez joanez gero 10-15 minututan egin daitekenean.

Zubietako zirkuituak guztiz txundituta utzi gaitu. Aurreko legealdiko azken urtean Usurbil-Zubieta-Lasarte-Hernani-Astigarraga autobus zerbitzuaren gauzaketan urrats asko eman ziren. Horren testigu orduko Zubietako auzo-alkatea eta gaur egungo udal zinegotzia den Imanol Azpiroz jauna. Hilabete guzti hauetan zer egin du alkateak? Udalak abandonaturik izan du proiektua? Ulergaitza.

Presa asko eta inprobisazio asko ikusi dugu bus-taxi gai honekin, eraginkortasuna bilatu beharrean neurri efektista baten bila, zerbait egiten ari direla eta zerbait ezberdina egiten ari direla adierazi nahia. Guztion diruarekin, noski.

Eta lehen egunetan ikusi ditugu lehen emaitzak: haurrak herrian zehar turismoa eginez, mugikortasun arazoak zituztenentzat pentsatua zegoenean.

[PDF] Usurbilgo landa inguruneko adinakoen gizarte ongizate beharren azterketa. 2006-2007 urtea. Egilea: Saioa Erro Aizpurua

[PDF] Bus-taxi zerbitzuaren ibilbidea eta ordutegia

Bookmark and Share

PDF formatoa irakurri ahal izateko beharrezkoa da Adobe Reader programa instalatuta izatea. Programa Interneten lortu daiteke dohainik.

 
Oharra: Albiste honek ez du iruzkinik.