| cas 
 

Zergaitik ez garen atez ateko zabor bilketaren aldekoak

Eusko Alkartasuna atez ateko zabor bilketaren aurka azaldu den alderdi bakarra izan da.

Sortzen ditugun zaborren gutxitzea, eta horien berrerabilpena eta birziklaketa gure konpromezu pertsonala da, eta praktikara eramaten dugu, eta beraz, defendatzen dugu eta apostu egiten dugu horren alde. Gure ardura politikoaren ikuspegitik Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren (PIGRUG) esparruan egin nahi dugu, Gipuzkoako beste udalerriekin batera, ez bakarka. Eta beste erakundeekin batera, Gipuzkoako Hondakinan Kudeatzeko Partzuergoan parte hartuz.

Atez ateko sistemarekin, hondakin organikoen bilketan indarra jarri nahi da, ondoren konpostatuak izan daitezen. Txalotzen dugu hondakin organikoen bilketari ekitea; gehiago diogu, maltzurki eta demagojikoki gaizki erabilia izan den, eta inoiz aitatzen ez duten Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralean (PIGRUG), azaltzen da konpostajea indartze beharra. Baina guzti hau beste herriekin batera egin nahi dugu, ez hein haundi batean udal diruz finantziaturiko esperimentuekin. Beste herri batzuetan hondakin organikoen bilketa neurriak aplikatzen ari dira, eta uste dugu, bere planteamenduagatik – borondatez egitea – luzera begira konsolidagarriagoak eta hedagarriagoak izango direla.

Izateko eran, pentsatzeko eran edota gauzak egiteko eran aldaketak sustatzea dituzten proiektuak gauzatu nahi badira; are gehiago, planetarekiko sostenibilitatea helburu dutenak edota etorkizuneko belaunaldiekiko ekimen solidarioak egitea helburu dutenak; ezinbesteko elementuak dira: gizartearen kontzientziazioa, norberaren konpromezua eta ekimen bat egiteko borondatea edo askatasuna.

Jordi Colomerrek – Usurbilgo udal gobernua aholkatzen ari den teknikariak – argi adierazten du zergaitik porrot egin zuen Vilassar da Mar herrian, bera bertako ingurugiro teknikaria zenean, atez ateko sistemak: beharrezkoa da denbora luzez herritarren “gainean” egotea, beraiengan “tentsioa” mantentzea.

Neurri koertzitiboen aurka gaude, guztiz; are gehiago sortzen ditugun zaborren kontrolataz ari garenean, hain gai sensiblea eta intimoa denean. Adibidez, norberaren etxean aurkeztuaz norberaren baldean zerbait ez egokia aurkitu dela “esplikatzeko” (piketeak?), zalantza izpirik ere ez izatea 450 euroraino iritsi daitezkeen multak jartzeko, soilik atez ateko bilketa sistema erabiltzeari ukatzeagatik, eta 30.000 euro arte iritsiaz “objetore” izatea erabakitzen baduzu eta behin eta berriz ukatzen bazara.

Guzti honi lotzen badiogu hondakinetan aurki daitezkeen datu pertsonalak nola zainduko diren ez argitzea, edota hondakinak babestu beharreko datu pertsonalak diren edo ez eztabaida interesgarria; eta gainera, gehitzen badiogu %50 igo digutela zabor tasa, eta kontuz! Gutxi omen da igoera!, ba beno:

Dena pikutara bidaltzeko gogoa ematen dizu! Zaborra?, Lasarte-Oria-ra edo nere lantegiko aldamenean dagoen zaborrontzira, poltsa txikitan, ez dadila nabarmendu, ea norbaitek ikusi eta salatuko ote nauen! Idatzi honen irakurketan honaino iritsi bada norbait, eta pentsatu badu zabor-birrintzaile bat erosteaz, gure ardura da udal ordenantzaren arabera debekatuak daudela esatea. Eta arau urratze larria dela.

Berziklagarria den %100 berziklatzea nahi dugu. Sistemaren alde daudenak aitortzen dute zaborren %20a ez dela berziklagarria. Jakin nahi dugu, argi eta garbi, ze zabortegietan isuriko diren zabor horiek. Ea errausgailua eta konpostaje planta batzuk izateaz gain zabortegi bat ere izango dugun Usurbilen! Usurbil zabala da.

Ez gaitezen ahaztu Arratzaingo konpostaje plantataz – eta beste bat nonbait Urbil inguruan joango denaz – iluntasun handiarekin garatzen ari direnak, informazioa eman gabe, irisgarritasun arazoak nola konpondu behar dira? – Arratzaingo kasuan – , guzti honen kostea?. Argitu dezatela ea egia den Lasarte-Oria eta Oiartzungo zaborrak gurera ekarriak izango diren edo ez, etabar.

Ez legoke gaizki argituko baligukete komertzialki irteerarik ez duen konpostarekin zer egingo den, ez dadila gertatu gure baratzetan erabiltzen diren plastiko beltzekin bezela, bere kalitate txarragatik, berziklatuak izan beharrean, San Marcos zabortegian botatzen zirela!

Etxebizitza asko 4 eta 5 solairuko eraikinetan daude eta igogailurik gabe daude. Etxe hauetan pertsona nagusi asko bizi dira, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak.

Etxe hondakinak egun eta ordu jakinetan ateratzeak, praktikan, norberaren etxetik jeisten eta igotzen ibiltzea behartzen du, zaborra ateratzearen helburu hutsarekin. Ezin beti bateratu esfortsu hori etxez kanpo egin litezkeen beste enkargu edota egitekoekin. Egoera hau aplikagarria da beste herritar guztiengan. Orain arte askatasunez antolatu gintezkeen zeren zaborrontziak beti zeuden eskuragarri. Hemendik aurrera, edozein arrazoiengatik, ezarritako garaitan ezin baduzu zure baldea atera, zure etxean mantendu beharko duzu edota “larrialditako gunera” eraman – kotxez – bertan uzteko. Une honetan ezagutzen den larrialdietako gune bakarra Zubietan aurreikusten da.

Gure kaleen eta etxe-atarien garbitasun maila kezkatzen gaitu. Auzotar komunitateetan erabaki beharretako bat zabor baldeak non ipini edo zintzilikatu izango da. Atari barruetan?, kalean?, kalea erabiltzeko udalari baimena eskatu behar?

Nabarmena da zikinkeri isurketak gertatuko direla, nahita edo nahigabe. Udal kale garbitzaileek, “sopladorak” eramateaz gain, fregonak eta baldeak eramango dituzte? Auzotarrak egin beharko dituzte garbiketa lanak? Kalea ere bai? Usaietaz, zomorroetaz, etabar, ez dugu hitzegingo ere.

Ez dugu sistema babesten garestiagoa izango delako. Sistema martxan jartzeko bakarrik 356.000 euro erabiliko dira; guztiak udal ekarpen propioak. Azken aurrekontu aldaketan horrela erabaki zen.

Sistema ezagutu arazteko propaganda kanpainan bakarrik 60.000 – 80.000 euro inguru gastatuko dituzte, gure kalkuloen arabera.

Guzti honi kudeaketa gastoak gehitu beharko zaizkio, bilketa egiteko kamioiaren funtzionamendu gastoak, eta batez ere zaborbiltzaile funtzionario berrien soldatak. Zeren zerbait argi badugu funtzionarioak izango direla da. Gaur egun zabor bilketa egiten duen enpresaren kontratoa berritu zenean, Udal Kontuhartzaileak – Xabier Olano – txosten “tekniko” batean adierazten zuen ez zela inolako enpresa zertan kontratatu behar, eta zerbitzua, bitarteko propioekin eta funtzionarioekin egitea aholkatzen zuen. Agian, iritziz aldatu da oraingoan, badakizue, gobernatzen duena ezberdina bait da.

Laburtuaz, sistemaren aurka gaude, ezerosoa izango delako, zikinagoa, garestiagoa eta batez ere behartua izango delako. Guzti honek, zaborren kudeaketaren inguruan kontzientzia aldaketa bat erreztu beharrean zaildu egingo duelako, arbuiatze jarrerak sortu, eta azken urteetan emaniko hurratsetan atzerapausoak gertatuko direlako.

Egin nahi dena aldaketa handia da. Eta aldaketen aurrean normala da zalantak izatea, beldurrak, eztabaida…; baina, usurbildarroi ez digu kezkatzen aldaketei aurre egitea, kezkatzen gaituena da aldaketa horiek beharturik egin beharra, behartuaz, gu aldatzen ahalegintzea.

Ez dugu esperimenturik nahi.

Bookmark and Share

PDF formatoa irakurri ahal izateko beharrezkoa da Adobe Reader programa instalatuta izatea. Programa Interneten lortu daiteke dohainik.

 
Oharra: Albiste honek ez du iruzkinik.