| cas 
 

2009ko Udal Aurrekontuak ezingo dira onartu

Ez behintzat azken hilabetetan udalak daraman martxa-ezarekin. Inoiz baino teknikari gehiago baina inoiz baino atzerapen gehiago: kontratoak gauzatzerakoan, baimen urbanistikoak izapidetzerakoan, etabar.

Azaroa iritsi da eta 2009ko Udal Aurrekontuaren arrastorik ez. Aurrekontuak arautzen dituen Foru Arauak horrela dio epeei buruz (idatziaren amaieran dago Foru Arau osoa):

“14. artikulua.Gertutu eta onesteko eskumena.

1.Toki erakundearen administrazioaren aurrekontua haren buruak prestatuko du; horretarako, hurrengo ekitaldirako aurrekontua egiteko behar diren gidalerro ekonomikoak eman ahal ditu.

2.Administrazio organismo autonomo bakoitzaren aurrekontua, orokorraren osagai dena, hasieran organo eskudunak proposatuko duena, atxikita dagoen toki erakundeko buruari bidaliko zaio irailaren 30a baino lehen.

3.Merkataritzako organismo autonomo eta sozietate publikoek udal toki erakundeko buruari 6. artikuluan ezarritako agiriak bidali behar dizkiote irailaren 30a baino lehen. Kontabilitate orri horiek oinarri hartuta, toki erakundeko buruak administrazio aurrekontuaren egitura ekonomikoari dagozkionak prestatuko ditu, artikulu mailan gutxienez.

4.Aurreko idatz-zatietan aipatutako aurrekontuak eta aurreikuspen orriak oinarritzat hartuta, toki erakundeko buruak aurrekontu orokorra prestatuko du eta, Kontuhartzailetzak txostena eman ondoren, arauzko tramitazioa urriaren 15a baino lehen eginda, 6. artikuluan zehaztutako eranskinekin eta agiriekin bidaliko dio udalbatzari, hark onets dezan edo zuzen dezan edo itzul dezan. (…)”

Begibistan da ez direla epeak betetzen ari.

Egoera hau esplikatzen  duten arrazoiak hauek dira:

1.- Udal gobernuak ez daki zein diren herriaren lehentasunak. Horren adierazgarri, udal diruarekin, “plan estrategiko”  bat idazten aritzea. Martxa honetan Legealdia pasako zaie zerbait egiten hasteko.

2.- Elkarrizketarako gaitasun eza. Hori ez da bakarrik nabari Eusko Alkartasunarekin duten elkarrizketarako ukazio sistematikoa, baita ere beste alderdiekiko harremanetan.

3.- Atez ateko zabor bilketa sistema. Aurrera daramaten prozesu inprobisatu hori kontrolik gabe gera ez dadin esfortsu eta ordu asko dedikatzen ari dira.

4.- Udal kontuhartzailearen – Xabier Olano jauna – ez dabil udal aurrekontuak prestatzen. Bere lehentasuna San Marcos Mankomunitateko aurrekontuak osatzea da. Bere ohiko soldataz gain beste 6000 euroen truke San Marcosentzat egin beharreko lanen artean, bat hori baita. Bere momentuan udal kontuhartzailea San Marcos Mankomunitatean lan egitearen aurka azaldu ginen, lan gehiegi zelako eta udala atentziorik gabe utziko zuelako. Denborak arrazoia eman digu.

Gauzak horrela urte amaiera iritsiko zaigu aurrekontuen zirriborroren bat ikusteko, eta udaberria iritsiko da behin betiko onarpena jaso arte.

21-2003-foru-araua-aurrekontuak.pdf

Bookmark and Share

PDF formatoa irakurri ahal izateko beharrezkoa da Adobe Reader programa instalatuta izatea. Programa Interneten lortu daiteke dohainik.

 
Oharra: Albiste honek ez du iruzkinik.