| cas 
 

Ez udal aurrekonturik, ez udal langileekin konbeniorik

Urte amaieran gauden honetan 2009ko udal aurrekontuen arrastorik ez dugu eta 2008ko urtean udal langileekin ez da adostu konbeniorik.

Udal aurrekontuen onarpena arautzen duen araudiaren arabera urte amaierarako udal aurrekontuak onartuak egon behar dute. Urtea amaitzeko egun gutxi batzuk geratzen direnean aurrekontu zirriborrorik ere ez zaigu aurkeztu. “Rodilloa” aplikatzeko intentzioa izango balu ere alkateak ez ditu egunik horrelako maniobra bat egiteko.

Beste urte batzuetan aurrekontuak atzerapenarekin onartuak izan dira, baina beti, aurrekontu-zirriborroak urtea amaitu aurretik aurkeztuak izan dira. Udal gobernuaren eta alkatearen lan makaltasunaren beste adibide bat.

Atzerapena ulergarria litzateke aurrekontuak onartzeko beharrezkoa den gehiengoa lortzen zailtasunak balute, baina kontutan izanik, Aralar eta PSOE udal taldeak prest agertzen direla, gai gehienetan, laguntza aktiboa edo laguntza pasiboa – abstentzioaren bidez – emateko, dugun esplikazio bakarra da: udal gobernuaren ez-gaitasuna.

Udal gobernuaren beste ez-gaitasun adibide bat udal langileekin loturiko gaiak dira eta konkretuki langileen konbenioa.

Indarrean den konbenioa 2007ko udaberrian onartutakoa da, aurreko legealdiko korporazioak onartua; langileekin adostua.

Urte eta erdi bete da legealdi honetan eta 2008 eta hurrengo urteetako konbenioa negoziatzen hasteko eskaera egin berri dute langileek. Zer dela eta hainbeste atzerapena? Gobernu eta langile batzuen arteko harreman jasan ezinaren isla ote?

Ikusi beharko da noiz hasten den negoziaketa hau eta zein neurritan informatuak mantentzen gaituzten. Opozizioa ez informatzea ohitura baita. Adibide gisa azken pertsonal gaietarako udal batzorde informatzailearen iraupena 3 minutukoa izan zen.

Langileen kudeaketa gai garrantzitsua da. Nahiz eta alkateak pertsonal gaietarako teknikari bat kontratatu, “a dedo”, inoiz baino kudeaketa kaxkarragoa da.

Bookmark and Share

PDF formatoa irakurri ahal izateko beharrezkoa da Adobe Reader programa instalatuta izatea. Programa Interneten lortu daiteke dohainik.

Idatzi zure iruzkina