| cas 
 

Munalurraren gainbehera

Munalurra etxegunearen eraberritzea ez dago udal gobernuaren lehentasunen artean.

Munalurreko etxe multzoa (garai batean “poligono 42” bezela ezaguna zena)  eraberritzearen premian dagoela begibistakoa da: lorategiak, eskailerak eta urbanizazioa orohar zahartuak eta ondatuak daude.

Hala eta guztiz ere etxe multzo horren arazorik larriena irisgarritasun bertikala da: 4 eta 5 solairuko etxeak dira eta igogailurik gabe.

Aurreko legealdian arazo guzti hauei konponbidea eman nahirik, atari edo portal bakoitzeko administradorez osaturiko lan taldea osatu zen eta bere gogoetak egin zituen arazo hauen aurrean. Alkate berriak plis-plas batean herritar partehartze prozesu hau likidatu zuen eta geroztik dena geldirik eta arazoak areagotuz.

Udalek, lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 legeari esker, arazo korapilatsu hauei aurre egiteko tresna juridikoak izan ditzazkete: Irisgarritasun Plan Autonomo Berezi bat idazteko aukera (59. art); urbanizazioaren eta eraikuntzaren udal ordenantzak onartzea, bertan, irisgarritasun neurriak, eta, bere kasuan, igogailuak ezartzeko desjabetze protokoloak ezar daitezkelarik (75. art); Herritarrek parte hartzeko programa eta udal plangintzaren aholku batzordea martxan jartzea (108, 109 eta 110. art).

Ekainaren 3ko 105/2008 dekretuak, irisgarritasuna sustatzeko nahitaezko desjabetzea arautzean, honako hau ezartzen du aldez aurreko baldintza gisa: “desjabetzeko aukera hori dagokion udalerriko hirigintza antolamenduan esanbidez aurreikustea”. Honek agerian jartzen du udal-ekimena beharrezkoa dela araugintzan. Udalak ez badio ekiten, ekimen aukera ezberdinak arautzen dituzten ordenantzak sortuaz, arkitektura-oztopoak ezabatzeko behar duen pertsona guztiei ukatzen zaie tresna juridiko hori erabiltzeko aukera.

Hainbat araudi aldi berean gertatu ohi dira maiz, eta horretaz gain, bata bestearen aurka egotea ere normala da (igogailuak patioetan instalatzeko araudia argien eta bisten eskubideen aurka egon daiteke, edota eraikigarritasuna handiagotzearen aurka, erabilera pribatuko espazio publikoen xedapenen aurka, edo arkitektura-oztopoak ezabatzeko obrak errezteko espazio publikoen xedapenen aurka, besteak beste); hori dela-eta gure herrian dauden arazo horiek konpontzeko tresna juridiko egokiak eratu behar dira.

Gure herrian aitatu dugun guzti honetatik ezer gutxi egiten ari den neurrian nabarmena da udal gobernuak ez duela bere lehentasunen artean oztopo arkitektonikoen ezabaketa, eta konkretuki Munalurrakoak. Ordenantzik gabe, erreglamentu gabe, aurrekonturik gabe, herritarren partehartze prozesurik gabe Munalurra gainbehera jarraituko du.

Bookmark and Share

PDF formatoa irakurri ahal izateko beharrezkoa da Adobe Reader programa instalatuta izatea. Programa Interneten lortu daiteke dohainik.

Idatzi zure iruzkina