2012ko udal aurrekontuei eginiko alegazioak

reclamar100.jpgUsurbil, 2012ko martxoaren lehena

Neuk, Luismari Ormaetxea Santsiñena, NAN zenbakia: xxxxxxxxxx, Hamaikabat Udal Taldeko zinegotzia eta talde horren izenean, ondorengo erreklamazioak aurkezten dizkiet 2012ko otsailaren 8an egindako udalbatzan onarturiko 2012. urteko udal aurrekontuei; guzti hau legeak ezarritako epe barruan, kontutan har daitezela eskatuz.

a) Ugartondoko etxemultzoa eraikitzen hasiko dela behin baino gehiagotan entzuna dugu. Aurten ere aurrekontuetan horren isla dago. Etxemultzo horrekin batera dotaziorako eraikin publikoa eraiki behar da eta promozio hortako etxebizitzen lehen erabilera eman aurretik udalari entregatu behar zaio.
Konbenioaren arabera eraikin horren behe solairua eta lehen sotoa udalak egin behar ditu; ondorioz, aurtengo udal aurrekontuan obra horren isla agertu behar du nahitaez.
Obra horren kalkuloa gure ahalmenetik kanpo geratzen denez, kalkulo hori egitea eskatzen dugu eta aurrekontuan jartzea egin beharreko doiketak eginez.

b) Udarregi ikastolako artezkaritza kontseiluko ordezkaritza batekin eginiko bilera batean, 2012ko otsailaren 23an, adierazi zitzaigun eskuartean zuten proiektua bertan behera geratzen zela eta beste bat lantzen hastekoak zirela; ondorioz, Udarregi ikastolarekin zerikusia duten bi partida: Agerialdeko jolaslekuaren berrurbanizazioa eta ikastolari urbanizazio kontzepturako eman beharreko dirulaguntza udal aurrekontutik kentzea eskatzen dugu; era berean, 2013rako hartutako konpromisoak bertan behera uztea. Ziurtasun gabezian aurrekontuak onartzea ez baita serioa.

c) Emergentziazko egoeratarako Santuenean etxe bat hartzeko asmoa dagoela adierazi zitzaigun Udal Batzar batean, 2011kako abenduaren 27an hain zuzen; etxebizitza hori aurten jasotzea espero da hori baita eraikitzen ari diren babes ofizialeko etxeak eraikiak izateko ustezko epea. Etxebizitza hori atondu beharko da, beraz, 20.000 eurotako konsignazio bat jartzea eskatzen dugu.

d) Aurrekontuak genero ikuspegitik egokiak diren jakiteko Udal Idazkariak txosten bat idatzi zuen, “expedientea osatzeko une honetan berdintasun teknikaririk ezean”, aitortzen duen eran. Txostena horrela amaitzen du: “hobeto oinarritutako beste edozein iritziren kalterik gabe”.

Guk dakigunez berdintasun teknikariaren lanpostua hornitu da, ondorioz, hobeto oinarritutako iritzia jaso dezake aurrekontu honek 4/2005 Legearen xedapenak betetze aldera. Aurrekontuak genero ikuspegitik egokiak diren jakiteko txosten berri bat eskatzen dugu.
2012ko otsailaren 28an Udal Batzarrean mozio bat onartu zen emakumeen nazioarte eguna dela-eta. Haren edukiari erreparatuz, are zorrotzago, dagokion teknikariak eginiko txostenaren bidez, aztertu beharko litzateke aurrekontua. Hori egin ezean, mozio horren lehen urraketa izango litzateke.

e) Aurreko erreklamazioaren aritik gogoratu behar dugu Kirol Patronatuko aurrekontuek ez dutela genero ikuspegitik eginiko txostena –nahiz udalarenean aipamen bat egin- beraz, ez dago osaturik espedientea. Entitate autonomoa izanik bere genero ikuspegiko txosten propioa behar du. Hau egin ezean, 4/2005 legearen xedapenak ez lirateke beteko eta lehen aipatutako mozioaren edukiaren urraketa litzateke.

f) Pertsonal eta kontratazio teknikariak idatzitako txostenari erreparatuz, 20/2011 errege dekretu legeak Usurbilgo udaleko aurrekontu proposamenen eta orokorrean personal gastuetan duen intzidentziari buruzkoa, nabarmen argiturik geratzen da langileen soldatak ezingo direla igo:
“Abenduaren 30eko 20/2011 errege dekretu legeak 2. Artikuluaren 2. Atalean honakoa dio: En el año 2012, las retribuciones del personal al servicio del sector público no podrán experimentar ningún incremento respecto a las vigentes a 31 de diciembre de 2011 (…) En consecuencia, a partir del 1 de enero de 2012, no experimentarán ningún incremento las cuantías de las retribuciones y de la masa salarial, en su caso, establecidas en la Ley 39/2011, de 22 de diciembre, de Presupuestos Generales del Estado para el año 2011.”Ondorioz; soldata igoera partida (1.9000.120.121.00.00) eta gizarte segurantzarako igoera partida (1.9000.160.121.00.01) aurrekontuetatik kentzea eskatzen dut.

g) Lurzoruaren legean (ekainak 30eko 2/2006 legea), bere 115. Artikulua, udal lurzoru erreserbari buruz aritzen da. Etxebizitza berri babestuak eraikitzeko ze lur erosi nahi diren zehaztea ezinbestekoa da. Udalak erosi nahi dituen lurrak zehatz mehatz identifikatu behar ditu zoruaren legeak dioenaren helburuetarako Hamaikabaten ustetan Harane erreka eta Iartza eremu urbanoaren artean geratzen diren lurrak egokiak dira udal lur zoru erreserba osatzeko eta ondorioz udalak horien jabetza hartzeko pausoak ematen hasteko garaia da. Lurzoruaren legearen arabera (114. Artikulua) Aurrekontuen dirusarreren lehen eta bigarren kapituluen %10, gutxienez, era hontako erabilpenetarako erabili behar du. Babes soziala izaera duten etxebizitzak eraikitzeko udal lurzoru erreserba osatzeko partida esanguratsu bat sortzea eskatzen dut.

h) Aurreko legealdian hartu ziren hainbat erabaki “zalantzagarriak” izan ziren. Exenplu bezela hor ditugu Atalluko auzia eta Txagañetako auzia; nahiko adierazgarriak. Udal berri honek berraztertu behar izan ditu erabaki haiek agintean jarri eta berehala. Hori dela eta aurreko legealdi osoan hartutako erabakien auditoretza ekonomiko eta juridiko osoa egiteko partida bat jartzea eskatzen dut.

i) Usurbilen eskola publikoa izan dezagun lanean diharduen “Aukera” taldeak eskatu duen ildotik eskola publikoaren kokapenerako azterketa lan bat egiteko partida espreso bat aurrekontuetan jasotzea eskatzen dut; are gehiago udal gobernuaren asmoak, ikastola pribatu bat bultzatzearen asmoak, zalantzan jarri direnean.

j) Hegoaldeko Herrialdeentzat sarrera aurrenten %1 aurreikustea eskatzen dut, dirulaguntzen bidez banatzeko.

k) Usurbilen 300 langabetutik gora izanik, udalak Enplegu Programa propio bat izan beharko luke, azkenengo hamarkadan izan duen eran; beraz, aurrekontuetan partida bat aurreikustea eskatzen dut.

Azkenik, erreklamazio hauek aintzat harturik aurrekontuak atzera botatzea eskatzen dut eta udal gobernuak beste aurrekontu proiektua aurkez diezaiola Udal Batzarrari ahalik eta epe laburrenean.

Luismari Ormaetxea Santsiñena
Hamaikabat udal taldea

Iruzkinak

  1. Zer gertatzen da ikastolarekin? Matrikulatzeko garaian eraikin berria egingo zela eta kriston proyektua saldu ziguten. eta orain ez dela ezertan geratuko?
    Argibide gehiago behar ditugu gurasook. Noizko batzarra? esplikazioak nahi ditut. Ez da bidezkoa Hamaikabatek edo udalak gurasook baino lehenago dauden saltsetaz enteratzea. guk ordaintzen dugu hilero kuota. errespeto pixka bat.

    ErantzunEzabatu