| cas 
 

Zaborrarekin bueltaka

Posta elektronikoz idazten diguzuenaren arabera, kalean esaten diguzuenaren eta entzuten dugunaren arabera badirudi herritarrok ez dugula guztiz barneratua udal gobernua benetan doala zabor bilketa sistema berriaren kontuarekin. ”Nola egingo dute-ba!”, ”hortaraino ez dira ausartuko!”, “hori pixkanaka egingo da, idea polita da, baina kolpean ez dute egingo!”, “hori ez da horrela, neri esan didate bilera mordo bat egingo direla, eta gero erabakiko dela!”, “ bilera horien ondoren erreferemduna egingo dute!, ze uste dute-ba, adingabe batzuk garela erabakiak hartzeko ala!”.

Ez, ez, eta ez.

Erabakia hartua dago. Batzarrak egingo dituzte baina ez dira inundik ere erabakiorrak izango. Gehienez ere; atez-ateko bilketa sistema esplikatuko digute; ze emaitza espero diren, Catalunya aldeko esperientziren bat, zaborrengatik oso gutxi ordaintzen dugula… gehienez ere bertaratzen diren iritziak entzungo dituzte, baina, aurkakoak badira, lasai egon, beti egongo dela norbait aurka egiteko ezker abertzaleak kontrolatutako sasi batzarretan gertatzen den bezela. Erabakia ez dute herritarrek hartuko, herritarren ordezkari politiko gehienek hartua dute.

Zorte handiarekin Jordi Colomer delako baten partehartzea izango da; gai hauetan aditu jakintsu, ospetsu eta esperientziadun bezela aurkeztuko dutelarik. San Marcos mankomunitatea eta bide batez Usurbilgo Udala aholkatzen ari dena atez ateko bilketa sisteman.

Bere curriculumagatik galdetu beharko litzaioke. Nolatan bera izanik Vilassar de Mar herriko ingurumen teknikaria porrot egin duen atez ateko sistema, (idatzi honen amaieran porrot honen inguruko informazioa duzue katalanez eta gazteleraz), edota zer nolako dirutza kobratzen ari den Usurbilen zabor sistema hau inposatu nahi digutela-eta. Porrotak eta horren ondorioak zein izan diren mahaigaineratu ditzala-ditzatela. Usurbil eta adibide positibo bezela jarriko dituzten beste hiri eta herrien arteko aldeak mahaigaineratu ditzatela: soziologia, urbanismoa, klima…

Esaten genuena; gehienez informazio interesatua jasoko dugu batzar horietan, zeren erabakia hartua dago. Eta horren adibide azken egunetan harturiko erabaki hauek:

Urriaren 3an San Marcos mankomunitateak Usurbilgo udalarekin hitzarmen bat sinatzea erabaki zuen non Usurbilen atez ateko sistema ezartzean orain arte San Marcosek egiten zituen bilketak Usurbilgo udalak egingo dituen; San Marcos mankomunitatea uzteko lehen urratsa? Hitzarmen horren baitan udalak konpostaje planta bat eraikitzeko konpromezua hartzen du eta beste herri batzuk atez ateko zabor bilketa sistema martxan jarri nahi badute, aholkularitza eta laguntza.

Urrats honek, atez ateko bilketa sistema onartua dagoela baieztatzeaz gain, udalean bizi dugun informazioa eza eta iluntasuna agerian jartzen du berriro. Udaleko inungo komisioetan ez da aitatu, eta plenoaren eskumena izanik, plenoaren eskumenak errespetatu gabe hartutako erabakia da.

Alkate jauna, prentsaurreko gutxiago, aldizkarietan elkarrizketa gutxiago, kanpaina publizitario gutxiago eta udal barruko partehartzea sustatu!! Legeak betetzeaz gain.

Urriaren 10ean, Udal Batzarrean, “Hiri hondakinak bildu eta tratatzeko udal ordenantza” izango denaren hasierako onespena eman zitzaion, bertaratu ziren ia udal talde guztien babesarekin. Eusko Alkartasuna udal taldeak aurka bozkatu zuen. Ordenantza hau idatzi honen amaieran aurkituko duzue. Norbaitek erreklamaziorik edo iradokizunik aurkeztu nahi badu 30 egunetako epea du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean.

Urriaren 10eko Udal Batzar berean udal aurrekontuaren igoera bat onartu zen. Bi partida presupuestario berri sortu ziren. Lehenean, “zaborren konpostatzegunea eta garbitxikia” izenarekin 135.000 euro izendatu ziren. Zubietan jarriko den azpiegitura da. Bigarrenean, “atez ateko zabor bilketa, kamioia, tresneria eta kanpaina” izendapenean, 356.000 euro izendatu ziren. Diru askotxo izendatzen dira aurrez, zabor bilketa sistema baten inguruan antolatzen diren batzar “erabakitzaile” batzuk espero badira, ezta? Azkenik, jakin dugu Foru Aldundiak ez duela atez ateko bilketa sistema finantziatuko.

Eta azken egunetako informazioa: aurreko astean udal ordezkaritza bat Frantzia aldean ibili omen da, jasotzen den eta konpostagarria den hondakin guztia ze enpresara eramango den bisitatzen. Jakina da Arratzainen eraikiko den konpostaje planta ez dela martxan izango urte batzuk igaro bitartean.

Berriro azpimarratzen dugu: Hondakin gutxiago sortu behar dugu, berrerabilpena eta berziklaketa bultzatu behar dugu, konpostajea areagotu behar dugu, baina, era progresibo batean, jendea kontzientziatuz, ez behartuz. Badira hau egiteko beste modu batzuk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzaturik aplikatzen ari direnak.

Ez dugu Usurbilen esperimenturik nahi, gutxiago guztia gure poltsikotik ordaindu behar badugu!!

[PDF] Hiri Hondakinen Udal Ordenantza

[PDF] Vilassar de Mar (Gaztelaniaz)

[PDF] Vilassar de Mar (Katalanez)

Bookmark and Share

PDF formatoa irakurri ahal izateko beharrezkoa da Adobe Reader programa instalatuta izatea. Programa Interneten lortu daiteke dohainik.

 
Oharra: Albiste honek ez du iruzkinik.